Blogia

ANABASA

Bitakora Kaieraz

Bitakora Kaieraz

Idaztera ausartu naiz.

Bizitzaren oso aldi konkretu batean sarritan gertatzen da eguneroko bat idazten hasi eta handik egun batzuetara idazteari uztea, edo behin baino ez idaztea, edo boligrafoa hartu eta berba barik geratzea, edo zer dakit nik, kasuistika izan zabala da. Badira, noski, barrukoak isladatzeko beharrak bultzatuta orriak eta orriak idazten dituztenak, herreskadan eta egunean egunean huts egin barik, liburutxoa edonora doazela ere aldean eramaten dituztenak. Sekula ez naiz ni horrelakoa izan, ez dut egundo ere sentitu nerabezaroaren sentimendu ustez sakonak paper gainean isladatzeko premina hori, idatzi baino, irakurri izan dudalako gogoko lo aurreko momentu intimo haietan (eta aldi batean ere ohe alboan neukan mapamundiari begiratzea, harik eta munduko hiruburu guztiak buruz edo denboraren porazuz ikasi nituen arte. Alferrikako lana izango da, zu, baina mundu guztia harritzeko modukoa, gloria une txiki batzuk ematen zituena).

Idazle frustratu baten saiakera ere izan daitekeela bururatzen zait, bai, hainbat biderrez paper aurrean jarri eta parrafo bat osorik idazteko gai izan ez den baten saiakera. Benetako idazle askok nahiago izaten du paperaren konplizitatea pantailaren hoztasuna eta diridira nekagarria baino, baina nik neuk askozaz ere erosoago nago tramankulu honen aurrean, errazago irteten dizkit ideiak eta ez-ideiak. Seinale ez naizela idazle izateko jaio.

Halakoxea izango da beharbada blogaren kontu hau ere, egun batean etorri eta hurrengoan alde egiten zaizun burutazioa, batek daki; edo agian ez, agian "egunero idaztearen txapelduna" izateko lasterketa zibernetikoa egingo dut eta egunean egunean barruak hutsituko ditut teklatuaren gainean (zentzu onean, gera dadila argi). Zeozer idazteko beste ematen du munduak, hori bai, norberaren bizitzaren ingurukoak ez badira, hurrean gertatzen direnak, edo lagun bati gertatutako gauzaren bat... Dena dela, argi daukat intimitateen berri emateko ez dudala idatziko, horretarako ez nuke egingo honen moduko leku publiko batean, eta gainera ez da hori nire asmoa, ze demontre! sikieran nire bizitza morbosoa izango balitz.